miércoles, 31 de octubre de 2012

HERRI IPUINAK

Oraingo honetan ipuinei buruz dagokizu zerbait idaztea eta grabatzea. Lehenengoz, erantzun aurreko galdetegia ea zenbat dakizun konprobatzeko.

 
Hurrengo testua lagungarri izango duzu.


Ahozko eta idatzizko tradizioekin hasteko

“Aspaldi ez dala Orozkoko auzo batean ipuin batzen nenbilela baserrietxe bateko atea jo neban eta bertako ugazabak urten eta zer asmok nenkarren esan ostean hantxe erantzun eustan:

-Kanpoan hotz dago, ni ez naz ipuintsua baina sartu epeletara!

Abenduaren hasierako egun hotz eta argi bat zan eta gogoan ondo josita daukot haize hozminak arnasa ere larrundu egiten eustala. Baserriko nagusiak esandako modura baserrira sartu eta sutondoan jarri ostean eguarte guztian ekin eben senar-emazteek ipuin kontari. Harrez gero beti pentsatu dot ipuinak ez direla hotzaren lagun, ipuinak ez direla hotzetan esateko kontuak, ipuinaren babesa, izatea eta ingurua berotasuna, hurbiltasuna dala eta berotasun hori sutondoko berotasun gozoa ezeze bihotzaren berotasuna be badala.”

Xabier Kaltzakorta, “Bizkaiko herri-ipuin idatziak”, Donostia 1992-11-27

Hitz esanguratsu horiekin mintzatu zen Xabier Kaltzakorta idazle eta ikerlaria duela urte batzuk Donostian izandako jardunaldietan. Izan ere, ipuinak beti lotu izan dira goxotasunarekin, maitasunarekin, familiarekin. Ipuinak, kontakizuna, legendak, mitoak… gizakiaren arimaren janari dira eta guztiok, txiki zein helduk, behar ditugu gure arimak berotzeko.

Ipuinak mundu osoan eta mendeetan zehar ahoz aho transmititu dira. Egile edo autore jakinik ez dutenez izan, tradizio kolektiboan bizi izan dira garairik garai.

Ahozko tradizioak gorde izan diren arren, esan genezake Europa mailan XVI.mendean hasi zela aho mendeetan gorde zen ondare hori idatzizkora pasatzen. Straparolaren “Piacevolli Notti” obra italiarra izan zen ahozko tradiziozko transkripzio literarioak biltzen lehena.


Ipuinen bilaketan Erromantizismo garaiak ezinbesteko garrantzia du. Izan ere, Europan erromantizismoaren folklorea jasotzearen gogo eta interes orokorra pil-pilean egon zen eta horren barnean ahozko herri jakituria eta ondarearen alorrak ezinbesteko garrantzia hartu zuen: Ipuinak, esaundak, elezaharrak, errefrauak, sineskerak, ohiturak, kantuak, ahokorapiloak, etab. Izan ere, herri ondarea belaunaldirik belaunaldira ahoz datorkigun aberastasuna da, ikutuezin eta ikusezina den ondarea. Eta harrotasunez esan genezake euskera oso aberatsa izan dela ahozko ondare horretan. Euskarazko idatzizko lehenengo laginak oso berantiarrak direnez, ahoz aho transmititu dugu gure hizkuntza mendez mende. Argi dago, horregatik, hau da, euskara ahoz aho transmititu delako dagoela bizirik. Behin Pello Esnal idazleak esan zuen: “paregabeko altxorra da herri-literatura. Hor dago bildua gure tradizioa, eta tradizioa aintzat hartu barik ez dago etorkizuna eraikitzerik. Ahozko euskarak eta ahozko euskararen munduak eutsi dautsie bizirik euskarari.”

Euskal folklorea jaso eta aztertu zuten lehenengotariko batzuk atzerritarrak izan ziren arren, euskaldunen artean nabarmentzekoak ditugu: Resurrección María Azkue (Cancionero Popular lanean herri kantuak bildu zituena eta Euskalerriaren Yakintzan ohiturak eta sineskerak, herri olerkiak, haur jolasak, atsotitzak, esakerak, ahokorapiloak, goitizenak, igarkizunak, ipuinak eta irakurgaiak… bildu zituena), Jose Miguel Barandiaran (“euskal kulturaren patriarka edo aitalehena” bezala ezagutua, etnografia eta arkeologian egindako lanengatik ezaguna) eta Aita Donostia (musika arloan izugarrizko lana egin zuena).

Hortik aurrera egindako lanari esker, ahozko azalpenak idatziz ditugu. Idatzi horiek etimologikoak izaten dira, zientifikoak ez diren azalpenak ematen dituztenak hain zuzen ere.

Mendez mende, ipuinak, esaerak, kontaerak… aldatzen joan diren bezala, hizkuntza bera ere aldatzen edo egokitzen joan da. Hizkuntza bera baita gure bizitzaren ispilu.




Beno, oso ondo erantzun duzulakoan nago, baina laguntza apur bat ondo etorriko zaizu. Horretarako hemen daukazu teoria.
<




Teori gehiegi bada, hona hemen Axeriko eta Otsoko ipuina.
Axeriko eta Otsoko



Zure lana: 
- Galdetu etxean edo, ea etxean entzundako ipuin bat dakiten eta entzun eta gero idatzi. 
- Ondoren ipuinarekin loturik egon daitezkeen irudiak bilatu eta Photo peach-era igo. 
- Azkenez, klasean besteen aurrean aurkeztu beharko duzu. 
Zorte on ipuin kontalari on!

Etxean edo ez badakite, ez larritu hemen daukazu ipuin bat grabatua. Izenburua Aralarko herensugea .



Zaila egiten bazaizu ulertzea eta idaztea, ba hemen daukazu bat idatzita.

Orain urte asko gertatu zen hau. Azeriak oiloa harrapatzea erabaki zuen. Zaku handi bat hartu eta oiloaren arrastoari jarraitu zion. Toki egokia aurkitu zuenean, zuhaitz baten ostean ezkutatu eta oiloa agertzeaz bat, taka, zaku barrura. Zozo batek gertatutako guztia ikusi zuen. Zozoa Oiloaren laguna zen.

- Oilo gixajoa! Nire laguntza behar du. Bai, nik ere badakit ziria sartzen…”, pentsatu zuen zozoak.

Azeriaren aurrean jarri zen, geldirik, hego bat apurtuta balu bezala.

Zozoa egoera penagarrian ikusita, azeria pozik. “Hau ere zakura”, esan zion bere buruari.

Baina zozoa harrapatzeko puntuan zegoenean, honek salto bat egin zuen aurrerantz. Hegalditxo labur bat eta gelditu egin zen. Holan behin eta berriro. Azeria hurbiltzen zen bakoitzean, zozoak hegalditxoa. Bien bitartean oiloak zakutik ateratzea lortu zuen eta bere lekuan harri bat sartu zuen zakuan.

Oiloa aske zegoela ikusi zuenean, zozoak alde egin zuen. Orduan bai, orduan akrobata baten trebeziaz egin zuen hegan.

- “Hor gelditzen zara” esan zion azeriari.

- “Txerri hori! Niri adarra jo nahian?… Ba!, berdin dit. Oraindik oilo gozoa daukat”.

Oilo gozoa zeukala, bai zera! Azeria ez zen oiloaren azpikeriaz ohartu eta zakua lepoan hartuta etxerantz abiatu zen. Etxean ura jarri zuen irakiten eta, zaku barrukoa oiloa zelakoan, lapikora jaurti zuen…. harria. Plausta! Zipristinek salto egiterakoan azeriaren larrua erre egin zuten. Ze erre eta ze arraio! Gaztaina egosiaren antzera geratu zen azeria.

Harrezkero azeria ez da oiloen atzetik ibiltzen.




AZERIA ETA ZOZOA on PhotoPeach